jueves, 10 de enero de 2019

KARLOVY DANCE_Xabier Álvarez



Nire ipuina Dance ipuinean inspiratuta dago, eta egin ditudan aldaketak pertsonai eta tokiarenak izan dira, eta istorioa ere apur bat moldatu dut, neureganatu.

NARRAZIO IRAKURRIA


Karlovy Dance


Ohe batean esnatu naiz, ondoan nire adinekoa dirudien mutil baten beso artean, bere zangoa nire hanka artean. Eguneko argitasunak nahasarazi nau, ez dakit non nagoen, ezta zein den nire ondoan erdi biluzik dagoen mutil koskor hura ere. Geldi geratu naiz, eta nire buruari denbora eman diot, gela horretara nola heldu naizen gogoratzeko.

Abuztuko egun bero bat zen Txekiar Errepublikako hiriburura nire adiskideekin heldu nintzenean. Pozik geunden, apur bat aztoratuta agian. Izan ere, inoiz ez genuen atzerrira bidaiarik egin. Gazteak ginen eta ez geneukan diru askorik, beraz, ametsetako luxu handiko logela garesti bat alokatu beharrean, gela txiki eta ilun bat izan zen eduki genuen aukera bakarra, sei pertsonen artean partekatu behar genuena. Hau izan zen oporretako lehen liskarra. Ez geneukan tokirik gauza gure traste guztiak kokatzeko, klaustrofobia nagusitu zen denen artean. Egoera hobetze aldera, Pragako kaleetan barneratzea erabaki genuen. Mutil ilehoriak denen gustukoak ziren, hala ere, Leirek beste gustu batzuk zituen, bere begiak txekiar emakumeei zuzenduta zeuden. Denok eskertzen genuen taldean honelako aniztasuna egotea.

Ni oso eroso sentitzen nintzen karrika horietan. Postu kaletarretako janariaren usainak, musikagileen soinuak, margolarien arteak… nire gorputz osoko nerbioak zeharkatzen zituzten, neure saltsan nengoen. Bestalde, beti bezala, Amaia eta Haizea oso arduratuta zeuden, zorroa bularren kontra zuten, haur bat balitz moduan; litxarreroen beldur ziren. Lehen egunari amaiera ezin hobea emateko, Maiderrek ideia zoragarri bat eduki zuen. Bina rickshaw hartu genituen, eta Petrin tontorrera igo ginen, ilunabarra ikusteko asmotan. Bidaian zehar denok nabaritu genuen gidariarekiko genuen botere harremana. Hala ere, momentu zoragarria eta barreak ez zapuzte aldera, uste dut denek geure buruan erabaki genuela ideia hau isilaraztea. Hara heldu ginen, Pragaren ikuspegi panoramikoarekin aurkitu ginen. Inoiz ikusi dudan hiririk politena da! Ilunabarrarekin batera, nire barnean sentitu nuen nola zuhaitz baten sustraiak lurrean trinkotzen diren moduan, lagunon arteko adiskidetasuna sendotuz zihoan. Malko bat isuri nuen. Pozik nengoen. Pozik geunden.

Momentu hunkigarri horren ostean, hirira jaistea erabaki genuen. Pragako argi gautarrak, misterioa. Gosearekin batera, eguneko bigarren liskarra etorri zen. Batzuek pizza nahiz zuten bitartean, nik txekiar jana dastatu nahi nuen. Azkenean, denok amaitu genuen itsasoa dirudien Moldava ibaiaren bazterrean zegoen tabernazulo batean txekiar goulasha dastatzen; ni, bitartean, inoiz baino kontentago. Esan beharra dago nahiko gautxoriak garela, Leire eta Haizea batez ere; beraz, argi zegoen afari horren ostean zer egin behar genuen. Hoteleko gela txikira itzuli, eta ahalik eta azkarren aldatzen saiatu ginen. Gela txikia zen, eta hoteleko korridorea geureganatu genuen. Ostean, Pragako kaleetan murgildu ginen berriro ere glamourrez beteak, elkarren konpainia noblean, taberna bat aurkitzeko asmotan.

Taberna on bat aurkitzeko misioa betetzen ari ginen bitartean, gure kontrako noranzkoan mutil bat zetorrela ohartu nintzen. Mutila sexya zen, ez oso garaia, baina gorputz politekoa. Oharkabean, beregana hurbiltzen ari nintzela konturatu nintzen. Ez dakit zergatik baina ezin nintzen geratu; afarian hartu nuen garagardo kaña erraldoiaren ondorio, agian. Bera ere konturatu zen berari hurbiltzen ari nintzaiola, eta bere aurpegian urduritasuna nabari nuen. Excuse me batekin hasi zen dena. Taberna kontuak aitzakia gisa erabiliz, galdetu nion ea hirikoa zen, eta ea bazekien jende gaztea zein zonaldetik ibiltzen den. Ingeles kaskar batekin erantzun zidan ez zela ondo moldatzen ingelesez, baina taberna gehienak hiriko ekialdean daudela. Eskerrak eman nizkion, eta adiskideengana abiatu nintzen. Bidean, burua jiratu, eta niri begira ari zela ikusi nuen. Hortaz ohartu nintzela ikustean, begirada aldendu zuen, disimulatzeko. Lagunekin bueltan, galdetu zidaten ea zergatik joan nintzen ezezagun horrengana. Egia esanda, nik ere ez nekien galdera horren erantzuna, “bakarren bati galdetu beharko genion” batekin isilarazi nuen lagunen jakin-mina. Ekialdean giro ona zegoela esan nien, mutilak esan zidala Karlovy Dance diskotekan giro ona dagoela.

Tabernaz taberna ibili ginen, barre algaraka. Ikusgarriak ziren, politak eta handiak denak; adina toki geneukan geure saltsan ibiltzeko eta dantza egiteko. Azkenean Karlovy Dance dantzalekura heldu ginen. Halako batean, dantzan ari nintzela, barrara begiratu eta kaleko mutik sexi hura ikusi nuen, lagun batzuekin, chill out gunean. Niri begira zegoen. Gin tonic-a amaitua nuela aprobetxatuz, beste bat eskatzera abiatu nintzen bertara. Bere alboan jarri nintzen edaria eskatzeko. Ondoan zegoela jakite hutsak urduri jartzen ninduen, sentsazio berezia zen. Gorputz osotik sentitu nuen adrenalina, Portaventurako atrakzio batean nengoela iruditu zitzaidan.

Edaria eskutan hartu, eta zigarro bat piztu nuen. Bion arteko izotzaldia apurtze aldera, kea aurpegira botatzen nion bitartean zigarro bat eskaini nion. Berarekin denboraren nozioa galdu nuen. Bere usainak, mugimenduak, arnasa hartzeko erak, bere irribarreak… hipnotizatuta utzi ninduten. Geure sutan kiskaltzen ari ginen bitartean, baldarki musukatu ginen. Jadanik ez nekien non zeuden nire lagunak. Asko urduritu nintzen. Izan ere, hiri ezezagun batean nengoen, ezezagun batekin, eta bakarrik. Urduriturik nengoela ikustean, bere etxera joateko proposamena egin zidan, eta lasai egoteko, ez zitzaidala ezer txarra gertatuko. Ez nuen beste aukerarik, eta berarekin joan nintzen.

Une batez ahantzi nuen nire begietako mutilarekin nengoela, bere etxera bidean, gaueko ordu txikietan. Urduritasuna eta tristura alaitasunean eraldatu ziren, magikoki. Beste lagun batekin bizi zela esan zidan, baina oraindik kaletik ibiliko zela. Hori izan zen behintzat nik ulertu niona; ingeles txarra baitzuen. Biok batera dutxatu ostean oheratu ginen.

Ohe batean esnatu naiz, ondoan nire adinekoa dirudien mutil baten beso artean. Nahiz eta alkoholak hutsune batzuk utzi dituen nire memorian, badakit gutxi gorabehera zer gertatu zen atzo. Mugimendu geldoen bitartez bere beso gihartsuak nire gorputz biluztutik kendu ditut, kontu handiz. Etxe hartako komuna topatzen ari nintzela, gela batean beste bi pertsona ikusi ditut. Atea zabaldu dut eta hara zein aurkitu dudan gela horretan “nire” mutilaren lagunarekin, Maider. Ez neukan gogorik etxe horretan denbora gehiago igarotzeko, beraz Maider esnatu dut. Geratutakoaren berri eman baino lehen, biok irten gara etxetik. Kalean motor bat aurkitu dugu, giltzak eta guzti. Honetan muntatu, eta bagoaz Pragako karriketan barrena, zoroen pare. Askeak gara. Maite zaitut.

1 comentario:

  1. Idazle hasiberrien blog bat begiztatzen nenbilela aurkitu dut Karlovy Dance, Xabier Álvarez idazle Aretxabaletarraren lehen ipuin publikatua dirudiena.

    Uda eta bereziki udako oporrak gerturatu ahala hainbat gazteren buruetan dabiltzanak kontatzen ditu Álvarezek: laguntasuna, festa, bidaiak, lige kontuak... Enetzat behintzat oso erakargarriak diren modu xalo eta freskoan gainera.

    Orokorrean ipuinaren errealismoa azpimarratuko nuke, edozein gazteri suerta dakiokeen gertaera sinple bezain katramilatsua baita, hari fina kanpotik ikusten duenarentzat, eta mila korapiloz sorturiko alfonbra arabiarra barrukoaren begietan. Hori horrela izanik, pertsonaien kanpo itxura deskribatzen tartetik galdu ez izana eta garrantzia handirik ez duten pertsonaiei deskribapen laburrak egin izana eskertzekoa da, izan ere, istorioaren mamitik ez aldentzea ahalbidetzen du. Esan gabe doa lexikoaren erabilera zentzuduna, horrelako ipuin bati lehen irakurtaldian ulertzen ez diren hitzak txertatzea berorren xarma murrizteko bidea baino ez baita.

    Aurreko guztia aipaturik, amaierak ere txunditu nauela esan nahiko nuke; azken bi esaldiek bereziki, kontakizunaren esentzia laburbiltzen duten lau hitz zuzen eta zuhur: "Askeak gara. Maite zaitut." Edozein irakurleri gomendatuko niokeen lana da, hori bai, nostalgia edo/eta udako oporrak izateko gogo izugarriak piztu ditzake!

    ResponderEliminar

Oihana Aranaren "Volfgang" ipuinari iruzkina

Oihana Aranak idatzitako "Volfgang" deituriko ipuin laburra irakurri dut gaurkoan. Lehenengo momentutik, hasiera idazteko modu...