jueves, 10 de enero de 2019

GAUEZ ELIZA BATEAN_ASIER GARRO





“Gauez eliza batean” idazteko, Jon Miranderen “Gauez parke batean” ipuinean oinarritu naiz. Jon Miranderen ipuinari, kokapena, denbora eta protagonista aldatu ez ezik, aipatzen diren beste hilketetan gehiago sakondu eta hilketen arrazoia ere azaldu dut.


GAUEZ ELIZA BATEAN




1829 urteko negu hotza igarotzen ari ziren Ingalaterrako biztanleak. Urte horretan industria iraultzak bultzada handiak izan zituen, baina osotasunean Ingalaterra guztiaren egoera hobetu arren, proletarioek ez zuten euren lan baldintzak hobetzerik izan. Garai horretan erlijioak indar handia zuen herrialde horretan, eta ohikoa zen langileen artean igande eguerdietan mezara joatea. Nahiz eta ohikoena elizkizunera ordu horretan joatea izan, bazeuden ordu txikitan joaten zirenak. Bazeuden urte berria aprobetxatzen zutenak bekatuak garbitzeko ere.

Mikelek 1929 urteko gabon zaharrak hobezin pasa ondoren, hurrengo egunean, jauna hartzea erabakia zuen, bere hitzetan “Bekatuz garbi hasteko urte berria!”. Gizon ezin lanpetuagoa zenez, oso berandu egin zitzaion bere herriko, Torringtoneko, parrokiara komulgatzera joan orduko, hala ere, bertara heltzean, Aitor apaizarekin topo egin, eta bere nahia burutu zuen, arima garbituz.

Jarraian, aulkitik jaiki eta aterantz zuzendu zen Mikel. Apaiza joan egin behar zela eta, bakarrik zegoen eliza gotiko hartan. Eraikinetik irteten ari zen momentuan, bere lepoan atzeraka indar ikaragarria egiten zion zerbait sumatu zuen. Aurrera jarraitzen saiatzerakoan, tiraka zebilena soka bat zela ohartu zen. Gainera, segundoak pasa ahala, korda estutzen zihoan. Mikel urduri jartzen hasia zenez, soka eskuekin askatzen ahalegindu zen; alabaina saiakera horrek ez zion ezertarako balio izan, are gehiago, bere egoera okertu zuen, korda gehiago estutu baitzen. Buelta ematen ahalegindu zen, erasotzailea zein zen ikusteko. Tamalez, golpe huts bat izan zen eliza horretan entzun zen guztia; eta ondoren, isiltasun hutsa.

Hurrengo goizean Aitorrek Mikelen gorpua aurkitu zuen, bizirik gabe, Bruno Catalanoren “Les Voyageurs” eskulturaren imitazioa eginik. Irudi horren aurrean Aitorri goragalea etorri zitzaion eta berehala deitu zuen larrialdietara. Eginahalak egin arren, poliziak ezin izan zuen hilketa argitu.

Hurrengo urtean, 1931ko urte berri hasieran, Unaik, Mikelen lagun minak, aurreko urteko hilketaren berri izan arren, tradizioari eutsiz komulgatzera joan zen. Hori gutxi balitz, Torringtoneko parrokiara joan beharrean, ondoko herriko, elizara abiatu zen. Zoritxarrez, aldaketa horrek ez zion ezertarako balio izan, izan ere, ez zen berriz bere etxera itzuli. Gaua joan orduko, auzotar batek ezohiko zerbait ikuskatu zuen. Oraingoan hiltzailea Unairen gorputz zatiekin Pablo Picassoren “Gernika” koadroa irudikatzen saiatu zen.

Aurreko urteetan Devonshire inguruan bi hilketa egon baziren ere, 1932ko urte hasiera gazte askok aprobetxatu zuten hoben egiteko. Pedro ez zen gutxiago izan; atseden hartzeko denbora murritza bazuen ere, Appledoreko elizara joateko aldia aurkitu zuen. Elizako atetik sartzean Pedrok neska gazte bat ikusi zuen meza ematen zen aulkietan jarrita; birritan pentsatu gabe, gizona neskatxaren alboan jesarri zen. Aulkia ororena izan arren, neskatoari ez zitzaion atsegina egin ezezagun bat haren ondoan eseri izana. Isiltasun minutu luze batzuk pasatu ondoren, gizonak elkarrizketari ekin zion:

  • Gaualdi lasaia, ez da? 
  • Bai horixe! Baina hobeak ere ezagutu ditut! - erantzun zion neskak irribarre batez.

Gizonezkoak aurreko urteetako hilketengatik galdetzea erabaki zuen:

  • Ez zara beldur? Aurreko urteetan leku honetan gertatutako hilketengatik? - galdegin zion gizonak gaiztakeriaz eta tonu misteriotsuz.
  • Zergatik izan beharko nintzateke beldur? - ihardetsi zion neskatxak lasaitasun osoz.
  • Zergatik? Aurreko urteetan bizi garen konderriko elizetan gertatu diren hilketengatik! - barre egin zuen gizonak.

Neska gaztea haserretu egin zen gizonak aurreko urteetan egondako hilketak gogoratu izanagatik. Aurreko urte bietan hildakoak, Mikel eta Unai, ezagunak zituen, biak auzotarrak baitziren. Bere buruan erantzuna pixka bat pentsatu ostean, ozenki esan zuen:

  • Ez, ez naiz beldur - erantzun zuen amorruz eta azkar hitz eginez.

Elkarrizketa labur horren ondoren, isilean otoitz egitera bueltatzerakoan, eliza lasaitasunera itzuli zen. Pedrok, modu zakar batean, eskua poltsikora eraman zuen egoeraren baretasuna hautsiz bat-batean, neskatxa ohartaraziz. Jakatik mukizapia atera zuen, neska lasaiaraziz. Halako batean, Pedrok beste mugimendu bortitz bat egin zuen, baina honakoan neskatilari jakatik heltzeko eta diru-zorroa kentzeko mehatxu egiteko izan zen. Une horrek gaztetxoari ezustean hartu zion arren, ez zuen dirua gizonari emateko asmorik. 

  • Damutuko zara azkar ematen ez badidazu zorroa! - mehatxatu zuen gizonak, zertxobait artega neskatoaren erresistentziagatik.

Neska gazteak jakatik poltsa hartzeko keinua egin bezain laster, mutilak eskua luzatu zuen eskuzorroa hartzeko asmoz. Neskatilak jakatik eskuzorroa atera beharrean, zapi bat atera zuen, eta segituan horrekin baliatu zen gizasemearen lepoa inguratzeko. Gizona, bere lepoa zapi batez estututa zegoela ohartzean, ikaratu egin zen; lepo-zapi horretatik askatzen ahalegindu bazen ere ez zuen libratzerik lortu eta segundo gutxi batzuen barru amore eman behar izan zuen.

Neskatoa gizasemea jadanik hilda zegoela konturatzean, patxada handiz hildakoaren lepotik bere zapia askatu eta bere jakan sartu zuen. Jarraian, aurreko urteetan bezala, hildako gorpuarekin baliatu zen eskultura bat osatzeko; oraingoan, Paige Bradleyren “Expansion” imitatzeari ekin zion. Erailketa honek hirugarren aldiz Arte Ederrak ikasteko aukera ukatu izanaren amorrua baretu zion neskatilari. 

1 comentario:

  1. Irakurri berri dudan Asier Garroren "Gauaz eliza batean" ipuina ikaragarri gustatu zait. Nire gustokoak diren Jack destripatzailearen hilketa lazgarrien kondairaren antza nabaritu diot irakurgai honi.

    Ipuinaren hasierak harrapatu ez banau ere, istorioa irakurri ahala geroz eta mamitsuagoa iruditu zait. Azkenengo paragrafoak dira, hain zuzen ere, intentsitate gehien gordetzen dutenak.

    Bestalde, kontakizuneko espazioa irudikatze aldera, nire gustokoa izan da idazleak gorpuekin egiten ziren eskulturen izenak adierazteak. Segituan sartu ditut interneten izen horiek, eta irudiak ikusteak istorioan gehiago barneratzea ahalbidetu didate.

    Lexikoari dagokionez, hizteia erabili gabe irakur daitekeen ipuina da. Euskera aberatsean idatzia dago. Eskertzekoa da Garro bezalako idazle gazte batek lexiko soilegi batean ez oinarritzea.

    Nire aburuz, idazleak ez du pertsonaien garapenik egin, ez dago pertsonaia nausirik. Hala ere, nahiz eta modu labur batean egiten duen, hiltzaileak hilketa eta eskultura horiek egiteko duen motibazioa azaltzea atsegin izan dut.

    ResponderEliminar

Oihana Aranaren "Volfgang" ipuinari iruzkina

Oihana Aranak idatzitako "Volfgang" deituriko ipuin laburra irakurri dut gaurkoan. Lehenengo momentutik, hasiera idazteko modu...